XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Marina Subirats eta Cristina Brulleten azterlanak (1988) azaltzen dizkigu irakasleek ikasleenganako eta hauek irakasleenganako izaten dituzten hitzezko elkarrekintzak.

Beti espero da neskak zuhurragoak, erneagoak eta portaera hobekoak izatea.

Beraz, neskak eredu horretara egokitzen badira irakasleen onespena jasoko dute.

Bestalde, mutikoak ikasgelako muin dira, eta bihurragoak direla pentsatzen bada ere, interesanteagotzat hartzen dituzte eta azkarragoak adimenaren aldetik.

Neskek eskolan emaitza onak izaten dituztenean esan ohi da gehiago dela saiatzeagatik argiagoak izateagatik baino.

Gauza da, une honetan nesken emaitza akademikoak hobeak direla mutilenak baino eta hala eta guztiz ere neskek zailtasunak dituztela lan merkatuan sartzeko.

Irakasleek uste dute neskak eta mutilak berdin tratatzen dituztela, baina aski eta sobera frogatu da ohituraz maskulinotzat jo diren curriculum ikasketetan irakasleak gogotsuago aritzen direla mutilekin neskekin baino.

Ikasleen pertzeptzioan irakasleek mutilei baino tratu hobea ematen diete neskei, ez baitiete horren segido errieta edo ahakar egiten.

Alabaina, neskak ez badira irakasleek nahi dutenera egokitzen, zailtasunak sortzen zaizkie harremanetan eta orduan, irakasleak haien baitespena edo irmotasuna murrizten edo mugatzen saiatzen dira.

Waldenek eta Walkerdinek (1982, 1988) matematikan neskek izandako errendimendu akademikoari buruz eginiko azterlan batean frogatu zutenez, eskolatzearen lehenbiziko urteetan irakasleek ez zuten inolako eragozpenik neskak ongi aritzen zirela esateko;

arazoak hasten ziren hamaika urtetik aurrera, Erresuma Batuan bigarren mailako hezkuntza hasten denean, nesken errendimendua ona edo txarra izan, ez zuen axolarik, ebaluazioetan beti izaten zen gaitzespenezko adierazpenen bat.

Adierazpen horietan batez ere azpimarkatu nahi izaten zen neskak oso langileak zirelako eta beren lan gogorrarengatik eta eskolako arauak inolako eragozpenik gabe betetzeagatik lortzen zituztela beren helburuak, beren azkartasunagatik baino gehiago (matematikan oinarrizkotzat jotzen den gaitasuna).

Errendimendu akademikoaren irakurketa hau bigarren hezkuntzako eskola eta adin guztietan aurkitu zen.

Beste alde batetik, egiaztatu zen mutil gazteenen taldeetan, irakasleak haietaz mintzatzean potentzial handiko mutilak deitzen zietela, baina horrekin benetan esan nahi zuten, gure ikertzaileak konturatu ziren bezala, errendimendu kaskarrekoak zirela.

Ikerketa hura 39 geletan burutu zen, eta ez zuten irakasle bat bera ere aurkitu (gizonezko ez emakumezko) neskak aipatzean potentzial handiko neskak zirela esaten zuenik, beraz mutilek jaiotzetikako kualitateak omen zituzten, egunen batean garatu zituzketenak.